martes, 10 de abril de 2018

MESOPOTAMIAKO ZIBILIZAZIOA

Hiri-estatuak

Lehen hiriak hiri-estatu gisa antolatu ziren. Hiri-estatu bakoitzak harresiz inguratutako hirigune bat zeukan, eta lurralde bat. Harresien barruan, tenpluak eta jauregiak zeuden. Bertan bizi ziren apaizak, erregearen familia eta funtzionarioak. Haien inguruan, eskulangileen lantegiak eta etxeak eraikitzen zituzten, egitura erregularreko kaleetan.

Hiriaren mendeko lurraldean nekazariak eta abeltzainak bizi ziren. Etxeak buztinezko adreiluz egiten ziren. Familia aberatsen etxeek bi edo hiru solairu izaten zituzten, baita barne patioa ere. Pobreen etxeak, berriz, gela bakarreko etxola txikiak ziren.
Agintari politikoak
buruzagiak edo erregeak ziren. Lege-kodeen bidez gobernatzen zituzten hiriak eta biztanleak. Armada bat zuten, hiriak eta inguruko lurraldea kontrolatzeko, eta funtzionarioak, administrazio lanak egiteko.

Hiri-estatuak ondo administratzeko, behar-beharrezkoa zen kontuak eramatea (zergak, uzten kontrola...) eta legeak idaztea. Horrek idazkeraren garapena ekarri zuen.
Askotan, hiri-estatuak elkarren aurka borrokatzen ziren, lur gehiago lortzeko eta ura kontrolatzeko. Hiri-estatu batzuek besteak menperatu, eta erresumak eta inperioal sortu zituzten.

Ekonomia

Ekonomiaren oinarria nekazaritza eta abeltzaintza ziren. Lurra Estatuarena zen eta horregatik nekazariek uztaren parte bat eman behar zioten erregeari edo tenpluari, zerga gisa. Estatuak merkataritza ere kontrolatzen zuen. Eskulangileek eta merkatariek zergak ordaindu behar zizkioten. Zergak talde pribilegiatua (errege-erreginak, nobleak, apaizak eta funtzionarioak) mantentzeko erabiltzen ziren, baita lan handiak egiteko ere: ubideak, dikeak, harresiak, tenpluak,..

Gizartea

Mesopotamian gizarte hierarkizatua zegoen. Ezaugarri nagusia ezberdintasun juridikoa zen, hau da, gizarte haietan pertsona guztiak ez ziren berdinak legearen aurrean, eta denek ez zituzten eskubide eta betebehar berberak.

Erregea: Errege izateaz gain, apaiz nagusia zen. Jainko-jainkosek ematen zioten boterea baina ez zen jainkoa.

Pribilegiatuak: Nobleak eta apaizak ziren, eragin handia zuten politikan eta administrazioan. Erregearen familiako kideek betetzen zituzten kargurik garrantzitsuenak armadan, administrazioan (goi-mailako funtzionarioak ziren) eta apaizgoan. Funtzionarioen artean, eskribek garrantzia zuten, beste inork ez baitzekien idazten edo Estatuaren kontuak eramaten.

Ez pribilegiatuak: Merkatariak, eskulangileak eta nekazariak. Pertsona askeak ziren. Eskulangileak eta merkatariak jauregi eta tenpluen inguruan bizi ziren. Luxuzko produktuak egiten zituzten eskulangileek eta merkatari handiek maila ona zuten gizartean. Nekazariak gizarte talderik handiena ziren, lurra landu eta eraikuntza-lan handietan parte hartzen zuten.

Esklaboak: Gehienak gerrako presoak bihurtutako pertsonak ziren. Ez ziren askeak, baina jabeek askatasuna eman ahal zieten.

Gizarte haren funtzionamendua behar den bezala ulertzeko,
beste oinarrizko bereizketa bat kontuan izan behar dugu: gizonezkoen eta emakumezkoan artean zegoen bereizketa. Legedia, bereziki, gizonezkoei zuzendua zegoen, haiek zituzten eskubideak eta betebeharrak. Emakumeek bazituzten zenbait eskubide: epaile baten aurrean agertzeko eskubidea, zenbait ogibidetan lan egin… Hala ere, beti gizonezkoaren (aita, edota senarra) mende bizi behar zuten. Adibiderik adierazgarriena ezkontzan ikus dezakegu: gizonak dibortzioa eskatzeko eskubidea zeukan; emaztea antzua bazen, senarra beste emakume batekin ezkon zitekeen edo seme-alabak emango zizkion emakume bat etxera eraman zezakeen.

Erlijioa

Mesopotamiako biztanleak politeistak ziren; hau da, jainko-jainkosa asko gurtzen zituzten. Otoitzen, kantuen, sakrifizioen eta eskaintzen bidez gurtzen zituzten. Mesopotamiako erlijioak ez zuen agintzen hil ondorako bizitza hoberik, eta ez zuen hilezkortasunean sinesten. Hiri-estatu bakoitzak bere jainko edo jainkosa babeslea zuen, eta harixe eskaintzen zion zigurata edo tenplua.

Zientziak

Zientziaren bi arlo garatu ziren nagusiki Mesopotamian:

Astronomia: oso garrantzitsua zen denbora nola igarotzen zen zehaztea, ibaien urteroko uraldiak noiz ziren jakiteko, ereiteko edo uzta biltzeko garaiak ezagutzeko. Denbora neurtzeko planeten eta izarren mugimenduak aztertu zituzten. Behaketetan oinarrituta, 30 eguneko 12 hilabetez osatutako egutegi bat sortu zuten, gaur egungoaren oso antzekoa.

Matematika: sistema hirurogeitarra erabili zuten kalkuluak egiteko, eta orduz geroztik banatzen da ordua hirurogei minututan eta minutua hirurogei segundotan. Erro koadroa eta pi zenbakia eta berreketak ezagutzen zituzten.

Beste zientzia batzuk ere ikasi zituzten; medikuntza eta geologia, adibidez; eta aurkikuntza garrantzitsuak egin zituzten; gurpila, gurdia edo goldea, adibidez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario