sábado, 21 de abril de 2018

ANTZINAKO EGIPTOKO ERLIJIOA

Antzinako herri gehienek bezala, egiptoarrek, hasieran, gertakari eta fenomeno naturalak jainkotzen zituzten. Gerora, jainko horiek gizaki edo animalia formak eman zituzten, eta gehienean, erdi gizaki eta erdi animalia irudikatzen ziren. Erlijio egiptoarra politeista zen, hau da, jainko eta jainkosa asko zeudela sinesten zuten eta tenpluetan gurtzen zituzten errito eta otoitz korapilatsuen bitartez. Hasieran, hiri bakoitzak bere jainko nagusia zeukan baina, erreinua batzean, tradizioak nahasi egin ziren.

Jainko nagusiak Ra, Anubis, Osiris, Isis eta Horus ziren. Egiptoarrek, gainera, Nilo ibaia eta animalia batzuk gurtzen zituzten, katuak, behiak eta krokodiloak adibidez.


Egiptoarrek sendo sinesten zuten hilezkortasunean (heriotzaren osteko bizitzan). Uste zuten bigarren bizitza lurreko bizimoduaren oso antzekoa zela, eta horregatik, pertsonen hil osteko bizitza posible izateko, arimak derrigorrean gorputzean hartu behar zuen babesa, beraz, behar-beharrezkoa zen gorpua ez usteltzea. Horregatik, gorpua momifikatu eta sarkofagoan gordetzen zuten. Momifikazio prozesuak honako hauetan zetzan: gorpuaren erraiak atera, “natron” izeneko gatzetan egun batzuetan sartu ondo lehortzeko hezetasuna galduz, ondoren kanope izeneko ontzieten sartzen zituzten errainak, gorpua olioekin eta ukenduekin busti, eta berriz ere baltsamoekin bete, gorpua ondo kontserbatzeko. Momifikatzeko eta baltsamatzeko modu desberdinak zeuden eta hildakoaren maila sozialaren araberakoa izaten zen.

Bigarren bizitzan, gorputza kontserbatzeaz gain, lurreko bizitzan izan zituen erosotasunez, objektu eta jabetzaz inguratzen ziren egiptoarrak. Egiptoar xumeenak, nekazariak esaterako, objektu gutxiagorekin lurperatzen ziren, lurreko bizitzan jabetza gutxiago baitzituzten, eta ehorzketak ere xumeagoak ziren. Bestalde, agintari aberatsen ehorzketak luxu handiagokoak izaten ziren, eta, barrualdean, hildakoaren bizimodua, aberastasunak, esklaboak eta abar irudikatzen ziren, eskultoreen eta margolarien lanen bidez.

Osirisen epaiketa

Hildakoarentzat gertaerarik garrantzitsuena da, egiptoar mitologiako sinesmen multzoaren barnean.

Anubisek hildakoaren izpiritua gidatzen zuen Osiris jainkoaren auzitegira. Anubisek, magikoki ateratzen zuen Ib delakoa (bihotza, kontzientzia eta moralitatearen ikur dena) eta balantza batetako platertxoetako batean jartzen zuen. Iba, Maaten lumarekin kontrapisatua zen (Egia eta Justizia Unibertsaleren ikurra), beste platertxoan jartzen zena.
Bitartean, jainkoek osatutako epaimahai batek, bere lehengo jarrerari buruzko galderak egiten zizkion, eta, erantzunen arabera, bihotza pisuz igo edo jaisten zen.

Epaia: Epaiketaren amaieran, Osirisek bere epaia ematen zuen:

Hau baiezkoa bazen, bere Ka (arima) momiarekin elkartzera joan zitekeen, Aja eratu eta betirako bizi. Baina epaia ezezkoa bazen, hilaren Iba Ammiti botatzen zitzaion hilen irenslea (krokodilo burudun, lehoi beso, gorputz eta kimadun eta hipopotamo hankadun izaki bat), hildakoarekin amaitzen zuena. Hau, bigarren heriotza bezala izendatzen zen, eta, hildakoarentzat, bere hilezkortasunaren amaiera zen.


No hay comentarios:

Publicar un comentario