jueves, 12 de abril de 2018

ANTZINAKO EGIPTOKO BIZIMODUA


Nekazaritza zen Egiptoarren bizibide nagusia. Zerealak ereiten zituzten batez ere (garia, garagarra, oloa eta artatxikia), eta ogia eta garagardoa egiten zituzten horiekin, horiexek baitziren beren elikagai nagusiak; lihoa ere lantzen zuten, eta jantziak egiten zituzten, landare horretaz. Baratzetan, lekariak eta barazkiak (dilistak, babarrunak, tipulak, baratxuriak, porruak, uhazak...), mahatsondoak eta fruta-arbolak landatzen zituzten (datilak, pikuak, granadak, algarroboak...). Nilo ibaiaren ertzean hazten zen landare bat, papiroa, erabiltzen zuten paper moduko bat egin, eta bertan idazteko, baita lokarriak, otarrak, alfonbrak, sareak eta itsasontziak egiteko ere.

Nilo ibaiaren urak kontrolatzeko eta erabiltzeko teknikak garatu zituzten, eta horrela, dikeak, urari eusteko baltsak, eta ura banatzeko ubideen sareak egin zituzten. Horretaz gain, uholdeen ezaugarriak aurretik ezagutu ahal izateko, zenbait tokitan tresna batzuk kokatzen zituzten. Lurrean harririk eta belar txarrik ez zegoenez, erabiltzen zituzten goldeak oso sinpleak ziren, eta ia aldaketarik gabe iraun zuten milaka urtetan.

Abeltzaintzan, artzain lanak egiteaz gain, etxaldeetan animaliak hazten eta zaintzen zituzten. Ahuntzak, ardiak, txerriak, ahateak eta antzarak hazten zituzten, eta hainbat zereginetarako, astoen eta behien indarraz baliatzen ziren. Askoz beranduago hasi ziren zaldiak eta gameluak erabiltzen.

Ehizan ere aritzen ziren, ibaiertzean (hipopotamoak, hegaztiak) eta basamortuan (ostrukak, antilopeak, erbiak, basa-astoak...), eta amuak, sareak eta arpoiak erabiltzen zituzten arrantzarako.

Gainera, artisau onak ere bazeuden: harginak, meatzariak, eskultoreak, margolariak, zurratzaileak, urreginak, igeltseroak, arotzak, armaginak...

Herrialdeak behar zuena ekoizten zuenez, ez zuen beste herrialde batzuekin merkataritza-harreman handiegirik izan. Luxuzko gauzak eta produktuak (zedroa, olioak, lurrinak, intsentsua, zilarra, bolia...), beste lurralde batzuetara egiten ziren bidaietan lortzen zituzten. Horrelako bidaiak, gobernariek eta apaizek antolatzen zituzten eta eskuratu nahi zituzten produktuen truke, papiroa, oihalak, eta arrain lehortua eskaintzen zituzten. Monumentuak eta jauregiak egiteko behar zuten harria, urrea, kobrea, eta antzeko metal eta produktuak, basamortu inguruetatik lortzen zituzten. Barne-merkataritza, batez ere Nilo ibaian nabigatzen zuten itsasontzien bidez, egiten zen.

Etxe guztiak buztin eta lastozko pezoz egiten ziren, eta altzariak oso xumeak ziren. Herriak ibaiaren ondoan osatzen ziren, baina goialdeko lurretan, uholdeak saihesteko. Etxeek bi edo hiru solairu zituzten eta tenpluen edo administrazio-etxeen inguruan kokatzen ziren. Etorbide handiak izan ezik, gainerako kale guztiak nahiko estuak ziren, eta zolatu gabe zeuden. Garai batean, herriaren inguruan harresiak eraiki ziren. Harresiez inguratutako herri txikiak ere bazeuden.

Lihozko jantzi xumeak erabiltzen zituzten, kolore zurikoak gehienak. Gizonezkoek gona motzak janzten zituzten, eta hotza egiten zuenean, tunika janzten zuten. Emakumeek alkandora luze moduko bat erabiltzen zuten, eta orkatilaraino iristen zitzaien. Beroa zela eta, askotan langileak, emakumeak eta umeak biluzik ibiltzen ziren. Oinutsik ibiltzen ziren, baina batzuetan, sandaliak ere janzten zituzten, papirozkoak pobreenek, eta larruzkoak aberatsek eta apaizek.

Garbi eta txukun ibiltzeari garrantzi handia ematen zioten: olioz igurzten zuten gorputza, begiak margotzen zituzten eta lurrinak ere erabiltzen zituzten. Ilea ez zuten gogoko eta, horregatik, buruko eta gorputz osoko ilea erabat mozten zuten. Bitxiak eta gorputza apaintzeko, apaingarriak erabiltzen zituzten, hala nola, gerrikoak, eskumuturrekoak, belarritakoak...

Elikagai nagusiak ogia eta garagardoa ziren, baina baita lekaleak, frutak, barazkiak, txerri, ardi eta idi haragia, eta arraina ere. Era askotako pastelak egiten zituzten, eta eztia eta datilak erabiliz, gozatzen zituzten. Aberatsek, gainera, ardoa edaten zuten eta ehizatutako harrapakinen haragia jaten zuten.

Faraoiaren langileak

Esklaboak piramideak eraikitzeko harrizko blokeak arrastaka eramaten daukagun irudi faltsuak, ez dauka zerikusirik benetan “hilobien eraikitzailea” zen ogibidearekin.  
Mizerinoren piramidearen eraikuntzan, 2.000 langilek hartu zuten parte, 10 pertsonako taldetan.  Erregearen administrazioak behar zuen guztia ematen zion langile armada honi: jakiak, edariak, jantziak eta oinetakoak etab.


Erregeen Bailarako hilobiak eraiki zituzten artisauak, Deir el-Medina herrixkan bizi ziren. Zortzi egunetan zehar egiten zuten lan, etengabe, eta bi egunetan atseden hartzen zuten haien etxeetan. Lanaren truke, sari bat jasotzen zuten, jenerotan gehienetan, hau da, ale kopuru bat, olioa, arraina, barazkiak etab.

Sinesmenak eta idazkera

Egiptoarrek, jainkoek gauza guztiak kontrolatzen eta zuzentzen zituztela uste zuten eta, horregatik, garrantzi handia ematen zioten erlijioari. Jainko eta jainkosa ugari zituzten, eta animalien ezaugarriak ematen zizkieten. Horiek, pertsonek zituzten beharrak ere bazituztela uste zuten eta, horregatik, janariak, edariak eta jaiak eskaintzen zizkieten harriz eraikitako tenpluetan. Apaizen eskuetan zeuden tenplu horiek.

Betikotasuna lortzeko, heriotzaren ondotik, hildakoaren espiritua gorputzera itzultzen zela uste zuten. Horregatik, hildakoen gorpuak ustel ez zitezen momifikatu egiten zituzten; ondoren, sarkofago zeritzen hilkutxa moduko batzuetan sartu eta hil ondoko bizitzarako beharko zituzten gauza guztiekin batera, lurperatzen zituzten hilobietan.

Momifikazioa: Egiptoarrek betikotasuna lortzeko, heriotzaren ondotik hildakoaren espiritua gorputzera itzultzen zela uste zuten. Horregatik, hildakoen gorpuak ustel ez zitezen, momifikatu egiten zituzten; geroago sarkofago edo hilkutxetan sartzen zituzten eta hilobietan lurperatzen zituzten, hil ondoko bizitzarako beharko zituzten objektu guztiekin batera.

Momifikazioa prozesu konplexua zen, eta zenbait fasetan egiten zen. Hasteko, baltsamatzaileek araztu egiten zuten gorpua barruko organoak atereaz; horiek, burmuina izan ezik, kontserbatu egiten ziren. Jarraian, deshidratatu egiten zuten gorpua, 40 egunez natronen sartuta.
Bukatzeko, gorpua baltsamatu eta lihozko hesgailuetan bildu egiten zuten. Horren ostean, momia sarkofagoan sartzen zuten.

Idazkera: Lehenengo, Egiptoarrek hieroglifikoa deritzon idazketa-sistema bat asmatu zuten, eta sistema horretan, gauzak marrazkien bidez irudikatzen ziren. 800 ikur inguru zeuden. Gero, marrazkiei kontsonante baten soinuaren balioa eman zioten, 24 guztira. Gerora, gauzak errazteko eta idazketa-sistema azkarragoa sortzeko, idazketa hieratikoa edo sakratua, eta demotikoa edo herrikoia sortu zituzten; eta idazketa hieroglifikoa idatzi erlijiosoetan eta monumentuetako inskripzioetan baino ez zuten erabili. Papiroa erabiliz paper moduko bat egiten zuten eta tintaz idazten zuten horren gainean.

Antolamendu sozial eta politikoa

Egiptoko gizartean oso hierarkia zorrotza zegoen. Botererik handiena zuen pertsonaia, faraoia zen. Errege eta, aldi berean, jainkoa zenez guztiek miresten zuten. Gainera, aginte administratiboa, erlijiosoa eta militarra zuen. Faraoiaren betebeharrak, besteak beste, Egiptoar guztien ongizateaz arduratzea eta bere herrialdea defendatzea ziren.

Faraoiaren zerbitzura funtzionario eta administratzaile ugarik lan egiten zuten eta horiek faraoiaren aginduak betetzen zituzten, bakoitzak zituen arduren arabera. Horien artean, eskribak, eta zituzten zeregin nagusiak, aginduak idaztea, bildutako uztaren kopuruak idatziz jasotzea, eta ekonomi-jarduerak eta zergen ordainketa kontrolatzea ziren. Apaizek ere, gizarte-talde garrantzitsua osatzen zuten, aberastasun ugari bildu baitzuten.

Biztanle gehienak nekazariak ziren, eta lantzen zituzten lurren jabearen menpe zeuden. Lur horietako gehienak, faraoiarenak edo tenpluenak izaten ziren. Horien lana eskribek kontrolatzen zuten, eta ibaiaren goraldietan, hilobiak eta eraikin ofizial eta erlijiosoen eraikuntzan lan egiten zuten askotan.

Esklaboak ere baziren. Gehienak, gerran preso hartutako gizon-emakumeak ziren, eta tenpluetan, jauregietan eta etxe partikularretan lan egiten zuten. Eskubide batzuk bazituzten, eta tratu txarrak jasaten bazituzten, jabeak sala zitzaketen. Okerren bizi zirenak meategietan lan egiten zutenak ziren; klimagatik eta lana oso gogorra zelako, heriotza-tasa oso handia zen haien artean.

Mutikoak eskolara joaten ziren eta irakurtzen eta idazten ikasten zuten. Batzuek eskriba lanbidea ikasten zuten, baina horretarako denbora luzez ikasi behar izaten zen, eta nahiko garestia zen. Neska batzuek ere, irakurtzen eta idazten ikasten zuten, baina baita dantza eta musika ere. Gainerakoek lanbide bat ikasten zuten lantegiren batean, edota aitaren lanbidea betetzeko prestatzen ziren.

Legearen aurrean, gizon eta emakume, berdinak ziren guztiak, baina gizonek soilik bete zitzaketen administrazioko karguak eta emakumeak etxeaz eta umeez arduratzen ziren; hala ere, emakume askok nekazaritzako zereginak ere egiten zituzten, edota zerbitzari, artisau, abeslari edo dantzari gisa lan egiten zuten; beste batzuk medikuntzan aritzen ziren. Ezkontzeko baimena aitari eskatzen zitzaion; baina maitasunari ere, garrantzi handia ematen zitzaion. Senarrak tratu txarrak ematen bazizkion, emazteak senarraren aurka salaketa jar zezakeen. Oso gazte ezkontzen ziren eta umeak ere oso gazte izaten zituzten, hamalau edo hamabost urte inguru zituztenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario