lunes, 23 de abril de 2018

LEONARDO DA VINCI, HUMANISTEN EREDU


Humanistek jakin-min handia zuten. Denetatik jakin nahi zuten; ez zuten gai jakin bateko espezialistak izan nahi, jakintsu izan nahi zuten. Egia bilatzeraren aldekoak ziren, arrazoia eta esperientziaren bidez. Bere kabuz ikertzen zuten eta emaitzak eztabaidatzen zituzten. Humanisten iritziz gizakia zen munduaren erdigunea, eta hura aztertzeari ekin zioten. Humanisten iturriak Antzinako literatura, filosofia eta artea zen; Grezia eta Erromako kultura berreskuratu nahi zuten. Intelektualak, filosofoak, zientifikoak, teologoak edota artistak izan ziren humanistak.

Leonardo garai guztietako margolari onenetarikotzat jotzen da. Eta gainera, zientzialari bikaina ere izan zen. Giza anatomia ikertu zuen. Optikan aditua izan zen eta giza begia xehe-xehe aztertu zuen. Hainbat aurkikuntza egin zituen geologian, metereologian eta hidraulikan, mareak eta ilargia aztertu zituen. Ingeniari aparta izan zen. Era guztietako makinen diseinuak egin zituen; hala nola, tresta militarrak, prototipo hegalariak, etab. Musikari bikaina ere izan zen, eta inprobisatzeko gaitasun handia zuen.

Gaztetan, Florentziara

Leonardo da Vinci 1452an jaio zen, Vinci herrian, Florenziatik gertu. Hiri horretan ikasi zuen, Italiako gune intelektuala eta Humanismoaren sorlekua, alegia.

Leonardo aberats baten seme ez-legitimoa zela kontu jakina da, baina ez dakigu asko bere haurtzaroaz. Nerabe zela, Florentziako Verrochio urregile, eskultore eta margolariarekin hasi zen ikasten. Ordurako oso ondo marrazten zuen Leonardok. Behin bien artean egin zuten koadro bat: maisuak hasitakoa Leonardok bukatu zuen. Gauza asko ikasi zituen maisuarekin: kimika, mekanika, matematika, larrua eta marmola lantzen. Leonardok adimen eta sormen handia zituela erakutsi zuen hainbat arlotan

Milandik Veneziara

Florentziatik Milanera joan zen Da Vinci, eta bertan Sforza dukeari eskaini zizkion bere zerbitzuak. Beretzat egindako lanen artean, Milango Santa Maria delle Grazie monasterioan dagoen
Azken Afaria fresko famatua margotu zuen. 3 urte eman zituen lan hau egiten eta ez omen zuen trukean dirurik jaso.



Garai hartako gerra-giroan, Da Vincik armak diseinatzen zituen, besteak beste, Sforza dukearen konfiantza irabazteko eta honek gorteko ingeniari izendatu zuen. Denetik egiten zuen: festak antolatu, antzerkirako dekoratuak egin, dekoratuak aldatzeko tramankuluak sortu, erretratuak egin, hiriak hobetzeko planoak diseinatu, akademia bat sortu, Arno ibaia itsasoarekin lotzeko proposamena aurkeztu… Baina 1499an, frantsesek Milan hartu zuten eta Leonardok Veneziara egin zuen ihes.

Gioconda

Mona Lisa edo Gioconda izenez ezagutzen dugun margolana da Leonardo Da Vinciren artelanik ezagunena. Bertan agertzen den emakumearen inguruan hipotesi asko daude eta adostasun gutxi.

Zalantzarik ez dago, ordea, artearen historia osoko margolanik ospetsuenetako bat dela esateko. Margotu zenetik, inspirazio-iturri izan da, eta margolanaren ospea areagotu egin zen lapurtu zutenean, 1911ko abuztuaren 21ean. Handik bi urtera berreskuratu zen eta Florentzia, Milan eta Erroman erakusgai egon ondoren, Parisko Louvreko museora itzuli zuten.

Bertara ikustera doan jendearentzat harrigarri samarra gertatzen da Mona Lisa, bere tamaina nahiko txikia delako (77 x 53 cm).

Ondorengo lanak eta azken urteak

1505ean, txorien hegaldiak ikertzen
hasi zen, gizakia hegan ikusi nahi zuelako italiarrak.
Hilotzak disekzionatzen zituen, autopsiak egiteko edo gizaki-organoak marrazteko, baina Leon X.a Aita Santuak debekatu egin zion disekzioak egitea.

Artista handiak osasun-arazo larriak izan zituen bere azken urteetan, eta horien artetik latzena jasan zuen paralisi-mota bat izan zen, pintatzeari uzteko arrazoi nagusi bihurtu zena. 1519ko maiatzean hil zen Da Vinci, Amboiseko Clos Lucé jauretxean, Frantzian, 67 urte zituela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario